Manuel Larramendi Andoainen jaio zen 1690eko Abenduaren 25ean. Aita, Txomin Garagorri eta ama, Manuela Larramendi zituen. Ez dakigu zergatik hobetsi zuen amaren deitura.

Lehen ikasketak Hernanin eta Bilbon egin ondoren, l707an, hamazazpi urteko mutil gazte oraindik, jesuita sartu zen. 1720. urtera arte ikasten jarraitu zuen, Filosofia Medina del Campo-n eta, ondoren, Teologia, Salamankako Unibertsitatean burutuz bere ikasketak.

Ikasketak bukatu bezain laster irakaskuntzari lotuko zaio. Hala, 1720tik 1723ra bitartean Filosofia irakatsiko du Palencia hirian. 1723tik 1730era, berriz, Teologia Valladoliden eta Salamancan, itzal handia lortzen duelarik. Eta, nonbait, sermolari trebea ere bazen, herriz herri ere ibili bait zen sermoi eta predikutan. Aldi honetakoak ditu De la Antigüedad y Universalidad del Bascuence en España eta Arte-a.

Geroago, 1730 eta 1733 bitartean, iparraldean ikusiko dugu, Baionan hain zuzen ere, Carlos II. Gaztelako Errege izanaren Maria Ana Neuburg alarguntsaren konfesore lanetan.

1734ean Loiolako Santutegira bilduko da, eta bertan hilko 1766ko Urtarrilaren 29an, 76 urte dituelarik, aita Kardaberaz adiskide min eta jarraitzaile zintzoa alboan duela.

manuel_larramendi.jpg